Esparru-akordio horren ondorioz, TECNALIA AGALEUSen bazkide teknologikoa izango da datozen 3 urteetarako
AGALEUS ingurumen-zerbitzuen enpresak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak lankidetzarako esparru-akordio bat sinatu dute datozen hiru urteetarako, hondakinen balorizazioaren arloko ikerketa bultzatzeko, ekonomia zirkularrera, eraginkortasunera eta prozesuen digitalizaziora bideratua, besteak beste. Akordio horren ondorioz, TECNALIA AGALEUSeko bazkide teknologiko bihurtu da.
Akordio horrek bi erakundeen artean 1990ean hasitako lankidetzari jarraipena ematen dio. Lankidetza horri esker, ingurumen-arloko eraginkortasunarekin eta irtenbide aurreratuen bilaketarekin lotutako proiektuak jarri dira abian, ingurumenaren, eraikuntzaren, aluminioaren eta papergintzaren sektoreei zuzenduta.
Gaur egun, enpresa beste bi ikerketa-proiektu gauzatzen ari da TECNALIArekin. PROCEN proiektua, HHSen eta biomasaren errausketa-errautsak balorizatzekoa, eraikuntza-produktuak lortzeko; eta KE-AL proiektua, ke-hautsak balorizatzekoa, Amorebietako Aludium lantegian aluminioa fabrikatzeko prozesuan.
Ibilbide luzea
AGALEUS 1990ean hasi zen zentro teknologikoekin eta enpresekin I+G proiektuak garatzen, eta denbora horretan jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin lotutako proiektu ugari egin ditu.
Azken 10 urteetan, taldeak 2,3 milioi euro inbertitu ditu I+Gn 12 proiektu baino gehiagotan, teknologiaren euskal sarearekin lankidetzan eta Euskadiko beste industria garrantzitsu batzuekin partzuergoan. Taldeak 25 urte baino gehiago daramatza berrikuntzaren aldeko apustua egiten eta I+G+B proiektuak garatzen. Proiektu horietan, unibertsitate, zentro teknologiko eta sektore askotako lurraldeko enpresekin lankidetza estuan aritzen da, ekonomia zirkularraren eta digitalizazioaren arloetan arreta jarriz.
Gaur egun, enpresak 1,3 milioi euroko aurrekontua du ekonomia zirkularreko proiektuetarako, eta milioi erdi eurotik gorakoa 4.0 industriarako. Datozen 5 urteetan, konpainiak urtero 500.000€ inguru inbertitzea aurreikusten du I+Gn.
AGALEUSi buruz
AGALEUS 1986an sortutako taldea da, industria-hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko soluzioetan eta industriarako ingurumen-zerbitzuetan espezializatua. Ordutik, enpresak irtenbideak eskaintzen ditu hondakinak kudeatzeko, tratatzeko eta balorizatzeko. Gainera, beste ingurumen-zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, hala nola garbiketa industriala (kimiko eta mekanika), garraioa eta amiantoa kentzeko zerbitzuak, industriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen dutenak.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena da, Europan erreferente eta Basque Research and Technology Alliance erakundeko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde iraunkorra lortzeko, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa duten 1.500 pertsona baino gehiagoko taldeari esker. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak dakartza bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Jarduera-eremu nagusiak hauek dira: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSek 2022an egindako azken nabaritasun- eta posizionamendu-azterlanean, TECNALIA lehen postuan dago I+G+B markaren nabaritasunari dagokionez.